Albisteak

 

Jauzika dator euskara. Jauzika mendez mende. Jauzika egunez egun. Bihotzetik bihotzera jauzika. Eta, batez ere, ezpainez ezpain jauzika.

Bere eguna du gaur euskarak, Nazioarteko Eguna hain zuzen ere. Baina ongi asko dakigu euskal herritarrok eta euskal hiztunok gaur ospatzen duguna ez dela egunaren mugetara errenditzen. Jauzi egiten du euskarak egunaren mugez gaindi ere.

Zer genuke, bestela, gaur ospatzeko?

Bide luzea egina du euskarak, eta harekin batera euskal hiztunok eta euskaltzaleok, etorkizuna irabazteko etengabeko ahaleginean. Bide luzea du egina euskal gizarteak euskara plaza guztietara duintasun osoz eramateko. Eta asko lortu da. Jardunak berak erakutsi digu, erakusten digu egunero, ezinbestekoa dela bide horiek, gauzak egiteko moduak, etengabe eguneratzea, eraberritzea, irudimenez biziagotzea. Eta argi erakusten ari gara euskalgintzan ari garen guztiok prest gaudela, eta gogotsu, irakaspena barneratzeko eta praktikan mamitzeko.

Jarduerak adostu ditugu. Diagnostikoak hurbildu ditugu. Ekimenak josi ditugu elkarrekin. Elkarrekin ebaluatu dugu egindakoa. Elkarrekin hobetuko dugu hobetu beharrekoa.

Eta gizarteak erantzun sendoa eman du, onetsiz euskararen erabilera era iraunkor eta argian handiagotzeko estrategia eta molde berriak.

Badugu, bai, zer ospaturik aurtengo Euskararen Nazioarteko Egun honetan ere. Musikaz lagunduta, Erandioko giza eragile guztiak saretu nahi ditugu euskararen presentzia herrian handitu dezan, zer lortu zuten pasadan dinamikatik eta zein desio duten hurrengoari begira

Ezagutzen ez genuen modu batean aktibatu zituen iazko gizarte-ariketa arrakastatsuak 1.484 erandioztar, 772 ahobizi eta 712 belarriprestetan banatuta, ikuspegi berri batetik. Eta, batez ere, estrategiak eta diskurtsoak eraberritzeko joera eta prestasuna aktibatu zituen.

Badator, hurbileko ostertzean, ekimen haren jarraipena. Euskaraldia berraktibatuko dugu, berriz ere erandioztarron arteko adostasun eta lankidetzan, eta hurrengo urteko Euskararen Nazioarteko Egunak izango du, ezinbestez, toki propioa ariketa sozial erraldoi horren ingurumarian.

Ez da, baina, horretara mugatzen euskararen erabilera areagotzeko eginahala.

Ugari dira berariazko lanketa eskatzen duten alorrak, eta horien guztien artean bada bat gizarte-bizitzaren gune-gunean dagoena: ekonomia, lana eta kontsumoa biltzen dituen arloa, hain zuzen ere, gizartearen eta herritarron bizitzaren motore nagusia baita.

Arlo sozioekonomikoak eta euskararen erabilerak elkarri egin behar dioten ekarriaren garrantzia ez da gutariko inorentzat ezezaguna. Bai baitakigu ez dela hizkuntza normalkuntzarik lanaren, ekonomiaren eta kontsumoaren munduan erro sakonik ez duenik.

Sendoak dira, alor horretan ere, eragile nagusiak egiten ari diren urratsak. Eta horietan lehena, zalantzarik gabe, euskararen erabilera askotariko erakundeen izaeraren ezaugarrien artean txertatzea dago.

Azken batean, aldekotasun eraldatzailea da gure gizartea, euskal hiztunok eta euskaltzaleok aktibatuz, bideratzen ari dena.

Bertan du euskarak etorkizuna.

Bide eta praktika berrietatik datorren etorkizuna.

Ongi etorri etorkizunera!

Hori horrela, Erandioko Udalak, honako konpromisoak hartzen dituela adierazten du 2019ko euskararen nazioarteko egun honetan:

  1. Erandioko erabilera planarekin jarraituz, erakundeak lehentasunez erabiltzea euskara, bere jakinarazpen eta gainerako erakunde, hornitzaile zein elkarteekiko harremanetan eta gure administrazio publikoaren kontratuetan hizkuntza-irizpideak zehaztea eta ezartzea.
  2. Euskararen erabilera sustatzen duten Euskalterm, Xuxen eta Itzultzaile Neuronala erabiltzea eta astialdirako Gurot aplikazioa zabaltzea.
  3. Euskararen presentzia bermatzea erabiltzen ditugun komunikabide eta aurkezpen publiko guztietan.
  4. Tokiko klubekin elkarlanean Kirolean oinarritik euskaraz ekimenarekin jarraitzea kirolaren euskalduntze-bidean lan egiteko.
  5. Gazteentzako euskarazko aisialdi-zerbitzuak sustatu eta zabaltzea ikasleen eta sortuko den gazteen kontseiluaren bidez.
  6. Familia-eremuetan euskararen erabilera eta transmisioa Zapatutan programarekin batera sustatzea.
  7. Merkataritzan euskararen erabilera normalizatzeko errotulazioetarako diru-laguntzak, Kaishop kanpaina, udal euskaltegiaren barnean merkatariei zuzendutako kurtsoak eta itzulpen zerbitzua zabaltzea, euskara laneko eta zerbitzuetako hizkuntza izan dadin
  8. Enpresetan euskara erabiltzeko planak egiteko laguntzea.
  9. Herriko eremu guztietako eragileekin eta euskalgintzarekin akordioak bilatzea, euskararen normalizazioa bultzatzeko elkarlanari eustea.